Overblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog

Autonomia Eraiki

Autonomia Eraiki

Euskal Herriaren askapenerako mugimendua

NAZIO ARTEKO HARREMAN TALDE KIDEEKIN BILTZEAN EMAN GENIEN TESTUA 2015/09/24-an

Publié par Autonomia Eraiki sur 17 Décembre 2015, 11:01am

NAZIO ARTEKO HARREMAN TALDE KIDEEKIN BILTZEAN EMAN GENIEN TESTUA 2015/09/24-an

2015ko irailaren 24-ean, IK-ko preso ohien eta errepresionearen kontrako batzorde kideen ordezkaritza batek bilkura bat izan zuen Euskal Herrian bakebidea bultzatzeko nazioarte harreman taldeko kideekin. Biltze hau gertatu aitzin, Euskal Herrian bizi den gatazka politikoa konponbidean jartzeko ekarpen bat izan nahi den idatziko adierazpen bat adostu zuten euskal ordezkaritzakoek

Nazioarte harreman taldeko kideer eman zitzaien testu hori, orain arte ez da plazaratu.

Gaur egun, haatik, egoki iruditzen zaigu jendearen jakinean ezartzea, batez ere Euskal Herriko jendetzaren jakinean.

Bakebidearen urrats eta nekeziez, amnistiaren eskabideaz, eta Ipar Euskal Herriaren ezagupide instituzionalaz eztabaidek bizi-bizian dirautelarik, aldarrikapen hau ekarpen bat gehiago nahi da izan. Jendeak hala hartuko duela espero dugu.

IKren sortze garaiko egoera politikoa

Gure euskal nortasuna eta kulturaren berbiziarazte asmo baten eta elkartasunezko jendarte baten eraikitze gogoaren barne kokatu zen IPARRETARRAK (IK) erakundearen sortzea

Ezen, 1970. urteen hastapen hartan Ipar Euskal Herria hiltzorian zegoen:

  • Euskara desagertze bidean zen.
  • Gazteek ez zuten herrian lan egiteko eta bizitzeko ahalik.

Gazteria hark lau haizetara botako zuen lehen oihua izan zen: "Herriak bizi behar du !". Berehala ere, Larzaceko borrokari oihartzun eginez, "Herrian bizi, lan egin eta erabaki" mezua zabalduko zen plazetara.

  • Gure lurra dirujokoaren menpeko zegoen, jende aberatsen jostaleku bilakatzeko bidean, Parisek finkatu zuen turismokeria politikaren ondorioz.
  • Turismoaren sailaz aparte, ekonomiaren beste alor guziak sustapenik gabe utziak ziren. Ondorioz, urtearen parte batean bakarrik oinarritzen zen lan sail bat hazi zen, egoera honek ekoizpen ekonomia baten garatzea eragozten zuelarik.
  • Laborantza neke handien artean bizi zegoen. Laborariek arrangura handiak zituzten lurraren prezioaren goratzearekin eta lurraren gaineko dirujokoa haztearekin.
  • Arrantzaren saila ere peko errekarat zoan, prezioen finkatzea arrantzaleen eskuetatik kanpo zelarik eta lekuko kontserbategiak banan-banan hesten zirelarik.
  • Ipar Euskal Herriak ez zaukan - eta ez dauka gaur egun ere - nihongo ezagupen instituzionalik: Marc LÉGASSEk idatzi zuen eta Jean ETCHEVERRY-AINTCHART diputatuak Frantziako Asanblea Nazionalean 1945. urtean aurkeztu zuen Autonomia estatutu baten proposamena segidan baztertua izan zen, ez zutelarik ezta eztabaidatu nahi izan ere. Frantziako iraultzaren ondotik, Ipar Euskal Herria Biarnoarekin uztartua da, bi buru dauzkan departamendu batean. Urte eta mendeetan zehar aldarrikatu diren Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzional eskakizuneri ezetza eman diete beti Parisek, baita euskal herritarren eta hautetsien artean onespen zabala zuen eta François MITTERRAND Frantziako presidentziarako hautagaiak hitzeman zuen - 54. proposamena - Euskal Departamendu baten sortzearena ere.

1970. urte haietan, bestalde, askatunerako borrokak piztu ziren mundu zabaleko ainitz lekutan. Euskal Herrian berean, diktadura frankistari gogor egitean sustraiturik, nazio eta sozial askatasunerako borroka armatu bat sortu zen, 1960. urteen hasieratik, Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, halaber, Frantziaren ukapen eta zapalkuntza politikari gogor egiteak piztu eta hazi ziren.

Egoera politiko horren erdimuinean zen Iparretarrak erakundea agertu, bere lehen ekintza 1973ko abenduaren 11an burutu zuelarik.

IPARRETARRAK erakundeak ereman duen borroka

Hogeitamar bat urtez ereman duen borrokaldian, IKk jomugatzat hartu ditu frantses estatuaren interesak ordezkatzen zituzten egiturak, baita Ipar Euskal Herriak jasaiten zuen lurraren eta egoitzen gaineko dirujokabideen bultzazaileak ere.

IKk ekintzak burutu ditu ere:

  • Euskararen eta euskal kulturaren zaintzeko,
  • Frantses estatuaren zapalketa politikaren kontra,
  • Ipar Euskal Herriaren autonomiaren alde, Euskal Herriak bat egitearen helbururako lehen urrats bezala.

IKk, ororen gainetik, Ipar Euskal Herriaren alor guzietako (ekonomia, kultura, etab...) berbiziarazte ekintzabideak sustatu ditu eta politika arloan aitzinabide proposamenak egin ditu.

Hala, IKk autonomia proiektu bat landu eta abertzale mugimenduari baita, orohar, Ipar Euskal Herriko jendetzari proposatu die. Proiektu hori hainbat hilabetez landu zuen ERAIKITZEN egiturak, « Herri Proiektua: Autonomia » izeneko txostena argitara emanez.

Dena den, beste behin ere argiki erraiteko, IKren egintza armatuak hautatuak eta burutuak ziren abertzale mugimenduak zeramatzan borroken laguntzeko eta, orohar, Ipar Euskal Herriko bizilagunen nahikunde eta egitasmoen sustatzeko. Ezen, IKk, hastapenetik bururaraino, borroken osagarritasunean kokatu du bere gudukabidea.

Egoera aldaketa

1998. urtean, Euskal Herri osoko eta arlo ezberdinetako hainbat jardule eta arduradunek « Lizarra-Garazi » izeneko akordioak sinatu zituzten. Ekimen honek bakerako esperantzari leiho bat ireki zion, ETAk berak urte hartako urriaren 17an etengabeko menia bat aldarrikatu zuelarik. IK ere bakebide horren partaide egin zen, « beha egoite» batean sartzen zela iragarriz, urte bereko urriaren 22an.

Haatik, IKren azken egintza, 2003an gertatu zen, Popo LARRE erakundeko kidearen desagertzea argitu nahian kokatzen zelarik. Orduz geroztik, IKk ez du ez egintzarik ezta adierazpen politikorik egin.

IKren borrokaren emaitzak eta ondorioak

IKk ereman duen borrokak, Ipar Euskal Herriko jendetzaren baitan egoeraz ohartarazte bat pizten eta hazten lagundu du, frantses estatuak, aldiz, jokabide maltzurrez eta gogorrez, herriaren konzientzia hori itoarazteko egin ahalak oro egin dituelarik. Herri konzientzia hazte hori da, Ipar Euskal Herriko jendetzak, gaurko egunean, bere biziaren eta geroaren eskuetan hartzearen sustraia. Herri konzientzia horren aitzindari izan da eta da oraindik ere abertzale mugimendua, honen eragin eta bultzadaz eraiki direlarik Ipar Euskal herriaren garapenbiderako hainbat eta hainbat egitura. Gero eta gehiago daude, bai euskararen sustatzekoak eta biziaraztekoak (ikastolak, AEK...), bai herriaren zerbitzurako hedabideak (irratiak, kazetak...), bai lan mundukoak (koperatibak, beste gisako entrepresak...), bai jendarte erakundeak, sindikatuak, etabar...

IKk eta abertzale mugimenduak zabaldu eta sustatutako eskabideak denbora luze batean "buruberokeria" edo "arduragabekeria" bezala agerrarazten zituzten gure kontrakoek. Gaurko egunean, aldiz, eskabide, egitasmo eta proposamen hauek berak normaltasunez hartuak dira eta Ipar Euskal Herriko politika eremu osoko jarduleen artean, batere arazorik gabe, eztabaidatuak dira.

Izan dadin Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren gaia, edo euskararen estatutuarena, preso politikoen askapenarena eta amnistiarena, gatazka baten errealitate politikoarena... hori guzietaz hitz egiten ahal da gaur egun, eta gero eta jende edo jendarte sail gehiago ados dira konponbide politiko baten aurkitu beharrarekin. IKk ez zuen besterik erraiten... orain dela 40 urte !

Alabainan, gaur egungo jendarte egoera hontara heltzeko IKk kario pagatu du ereman duen borrokabidea:

  • Gure borrokalagun Txomin Olhagarai, Ramuntxo Arruiz, Didier Lafitte, Maddi HÉguy, Christophe Istèque hil dira, eta Popo Larre desagerturik geratzen da.
  • Beste borrokalagun batzuk larriki kolpatuak izan dira eta horrela geratuko dira.
  • Beste ainitz borrokalagun, berriz, Frantziako presondegi hitsetan, herritik urrun, egon dira urte luzeetan.

Gatazka hontan, gure kontra jokatzeko manua zaukaten polizagizon eta jandarma zonbaitek ere bizia galdu dute.

Euskal Herriak jasan duen gatazka egoera hortarik ateratzeko unean, denen eginbeharretan da aitortzea gatazka politiko bati aterabide politikoa eman behar zaiola.

Gatazka politiko honek bidegabekeria egoera bat izan duela sorburu aitorturik, Ipar Euskal Herriari ordainezko konponbide neurriak emaitea onartu behar du frantses estatuak, ukapen jokabide historiko batetik ezagupen politiko-instituzional batera iraganez. Gatazka honek eragin dituen ondorio larriak konduan harturik, behar diren urratsak egin behar dira, baketzea bultzatzeko, eta biktima guzieri ezagupena, osaketa eta laguntza eskaintzeko.

Gatazkaren konponketa eta bakebidea

Aieteko nazioarte bake konferentziatik (2011/10/17) eta ETAk borroka armatua uztearen adierazpenetik (2011/10/20) landa, Euskal Herria bakebide batean sartua da, aldebakarrekoa haatik. Alde batetik, erakunde politiko eta sindikal ugari, baita herritar arruntak eta jendarte egiturak ere, hainbat eta hainbat elkarteren partaidetzaz, gatazkaren konponbidean eskuhartzaile dira. Bestalde, nazioarte mailako pertsonalitate batzuek bakebideen garapenerako beren jakinduria eta esperientziak dakartzate.

Gure partetik ere bakebide horretan parte-hartzaile gira eta ahaleginak oro eginen ditugu gaur egungo aldebakartasunaren jokabidea gatazkan sartuak ziren alde guzien konponbiderako eskuhartzea bilaka egin dadin. Orainokoan, aldebakartasun bide honetan indarren biltzea ezinbestekotzat jotzen dugu, elkarrizketaren eta konponketa nahiaren nagusiarazteko eta Euskal Herriarentzat bakezko etorkizun baten eraikitzeko.

Segur gaude Ipar Euskal Herriko jendetzaren konzientzia gero eta argiagoak eta gaur egungo egoera politikoak aitzinabideak ahaleginduko dituztela, aitzinabide horiek direlarik, hain zuzen, orain dela berrogei urte hasi ginuen gure borrokarekin akuilatu nahi izan ditugunak.

Atzo bai gaur egun ere, gure helburua da Euskal Herriak bere lekua izan dezan herrien arteko batasunean. Horretarako, erabakitzeko eskubidea da baliabide demokratikoa eta honen lortzea eta baliatzea ezinbestekoa da. Haatik, anarteko urratsak egin beharko dira, Ipar Euskal Herriaren kasuan hauek direlarik:

  • Autonomia estatutu baten lortzea,
  • Euskararen ofizialtasuna lortzea,
  • Baldintzarik gabeko Amnistia baten lortzea.

Borrokabidea aldatu da, helburua ez

Iraganean izan ditugun engaiamenduetan oinarriturik, oraingoan bai geroan Euskal Herriaren alde jokatzeko gogoan tinko jarraitzen dugu. Atzo hala zen bezala, gaur egun ere, Ipar Euskal Herriaren autonomia eskabidearen aldarrikatzea da gure helburua, gisa horretan ere gatazkaren konponbidean parte hartuz.

Ororen buru

Egunko gure adierazpen hauek, Euskal Herrian bizi den gatazkaren konponbiderako urrats bat bezala hartzekoa da.

Beraz, Iparretarrak erakundearen jardunean, gisa batean edo bestean, parte hartu dugun lagunek argiki eta ozenki aldarrikatzen dugu:

  • Ekintzaile eta herriko seme-alaba gisa egin ditugun hautuekin eta izan ditugun jokabideekin bat gaudela orainokoan ere,
  • Aieteko bake konferentziatik abiatuz, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren koponbidean esku-hartzeko nahikundea daukagula,
  • Euskal Herriak bere eskubide guziak berreskuratzeko helburuen alde tinko lan egiten jarraikiko dugula.

Herriak bizi behar du !

Autonomia, lehen urratsa askatasunaren bidean !

Nazio arteko taldeari ageri hau aurkeztu dio IK-ko preso ohien eta errepresionearen kontrako batzordearen ordezkaritza batek, ondoko militante hauek osatzen zutelarik :

Filipe BIDART

Ttotte ETCHEVESTE

Gabi MOUESCA

Filipe LASCARAY

Allande SOCARROS

Panpi SAINTE MARIE

Filipe LESGOURGUES

Terexa MICHELENA

Bilkuran parte hartu zuten nazioarte harreman taldeko kideak:

Brian CURRIN, taldeburua

Alberto SPEKTOROWSKI, Tel-Aviveko (Israël) unibertsitatean zientzia politikoetako irakaslea,

Camp Davideko bake goi-bileran, 2000. urteko uztailan, israeldar ordezkaritzako kide

Raymond KENDALL, Interpol egiturako idazkari nagusi,1985tik 2000ra

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article