Overblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog

Autonomia Eraiki

Autonomia Eraiki

Euskal Herriaren askapenerako mugimendua

Bake prozesuari buruzko gogoeta bat.

Publié par Autonomia Eraiki sur 23 Juillet 2015, 08:23am

Bake prozesuari buruzko gogoeta bat.

Ekainaren 11an egin zen Euskal Herriko Bake Konferentzia humanitarioa Frantziako hiriburuan. Bertan parte hartu zutenek Paris “esperantzaren hiriburu” izendatu zuten. Zinez izendapen bitxia, Euskal Herriaren existentzia bera erabat ukatzen duen estatu zapaltzailearen kapitala deitzeko, non dozenaka preso politiko euskaldun metatzen diren bere inguruko espetxeetan eta gainontzeko presondegi frantsesetan. Eta are izendapen bitxiagoa oraindik, jakinik V. Errepublika Frantsesak Ipar Euskal Herrian daraman hizkuntz-politika etnozida, zeinak euskaldungoa hilzorian utzi baitu Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan, eta benetan deitura kezkagarria Estatu Frantsesak gure Herriari behin eta berriz ukatzen dion autonomia zein askatasunerako eskubidea nola zapaltzen duen kontuan hartuz. Bake Konferentzia humanitarioa zen. Beraz, euskal gatazkak betidanik ukan duen eta gaur egun ere dituen izaera eta ezaugarri guztiz politikoak ez ziren kontuan hartuak izan.

Paris Euskal Herriko bakearen alde” deitzen zen 110 frantses pertsonalitate ospetsuk sinatu zuten agiria. Paris bakearen alde? Hitzak merke izaten dira, eta haizeak maiz eramaten ditu zirimolan. Gertaerek eta ekintzek, aldiz, zinezko errealitateak erakusten dizkigute. Eta ekintzek San Fermin egunean hitz egin zuten, bertze behin ere, Espainiako Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak Ortzaizen Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atxilotu zituztelarik, eta haiekin batera, Terexa Lekunberri, Jef Mateo eta Grazi Etxebehere. Eta herritar pilo bat zauritu oldartze bortitz eta zital batean. Honat Paris eta Madrilen arrapostua. Zinez sinbolikoa.

Hauxe da gaur egungo egoera Euskal Herrian : nahasia, nabarra, kontraesankorra. Alde batetik, aldaketa politikoa, Nafarroa Garaian, bereziki, itxaropenez betea. Eta etengabeko errepresioa bertzetik. Lehen bezain gordin.

Bake prozesurik ez dago. Frantziak eta Espainiak baliatu dute aukera Euskal Herria are gehiago zanpatzeko, eta haien biolentzia estrukturala legitimatzeko. “Normaltasun demokratikoa” erraten diote horri.

Katalanek larrutik ikasi dute Espainiaren monarkiaren baitan ez dagoela inolako etorkizunik, inongo irtenbiderik. Eta balizko gobernu aldaketa batek, Estatu frantsesean eta espainolean, ez ditu arazoak konponduko. Arazoa sakonagoa baita. Espainiako Monarkia neofrankista eta Frantziako V. Errepublika gaullista irauli gabe, Euskal Herriaren aurkako zapalkuntzak aitzina joko du, gupidagabe, bi erregimen etnozida horien Konstituzioetan gure Herriaren ukazioa argi eta garbi finkatzen baita.

Zinezko haustura demokratikorik gabe, hala Espainian nola Frantzian ere, ez dago askatasunaren aldeko irtenbiderik euskaldunentzat. Udazken honetan eztabaida hori mahai gainean egon beharko luke. Frantziak eta Espainiak bake prozesua errefusatu ondoren, nola azkartu eta indartu Euskal Herria askatzeko prozesua? Nola eraiki herri mugimendu indartsu eta zabala aldaketa sozial eta politikoaren alde? Eta nola eraiki elkartasunak eta solidaritateak bi Estatuetako gainontzeko Herriekin? Eta ez bakarrik periferietako Herri zapalduan, Catalunya, Korsika, Okzitania, Galiza, Bretainia... Frantziako eta Espainiako Herriekin ere aliantzak egin beharko dira egoera benetan irauli nahi badugu arlo guztietan : austeritate eta murrizketen aurka, eta aldi berea askatasun nazionalaren alde, eta Euskararen alde, bereziki. Hori da hurrengo hilabeteetako erronka.

Grazi Etxebehere, Terexa Lekunberri eta Jef Mateo Paristik Ortzaitzerat itzuli ziren, epaile frantses baten kontrolpean beti ere, bainan Iñaki Reta eta Xabier Goinenetxea Fresnes eta Fleury Merogiseko presondegietan giltzaperatu zituzten. Parisen. Zeren eta noren hiriburua? Euskaldunondako, Iruñea da esperantzaren hiriburua. Orain inoiz baino ageriago.

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article